2014(e)ko urriaren 27(a), astelehena

Partida bikaina, baina ezin irabazi

Gaeleko mutillek ezin  izan dute irabazi Lloret de Marren jokatzen ari den Munduko Irekian, Errusiako Engels taldearekin 5-2 galdu ostean. Talde hau da lehiaketa irabazteko faborito nagusia, beraz begiratu batean emaitza ez da txarra, baina partida ikusita ezin egon gustura, baloiaren jabetza euskaldunena izan baita, eta baita aukerarik handienak ere. Lehen zatian hiru kontraeraso baliatu dituzte 3-0 jartzeko, eta bigarrengoan beste kontraeraso bat eta Gaelen hutsegite bat 5-0koa jartzeko. Ordurarte baloia euskaldunena izan baldin bada, hortik aurrera errusiarrak ia ez dira euren areatik atera ere egin.Beak lortu du Gaeleko lehen gola, eta Sevillanok, penaltiz, bigarrena. Errusiarrak oso gogorrak izan dira, eta sarrera itsusi bat baino gehiago ere egin dituzte. Bigarren partida etzi jokatuko dute Lloreten aurka, 17.15etan. Bihar mikrofutsaleko lehiaketa hasiko dute, eta bi taldetan banatuta arituko dira.

Hurtado, Iturrioz, Bea, Agirretxe eta Zebario izan da hasierako bostekoa. Gero, Ugartemendia, Sevillano, Leunda, Zubeldia, Arrospide eta Errasti ere aritu dira.




iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina