2014(e)ko martxoaren 27(a), osteguna

Finalistak ezagutzen hastera goaz

Kopako lehen finalistak asteburu honetan bertan hasiko dira ezagutzen. Ostiral honetan jakingo da Infantil-kadete mailako aurrenekoa. Orexan, Lizartza-Orexa eta Bidania-Goiatz neurtuko dira  19.00etan. Lizartzakoek bi goleko errenta lortu zuten Bidanian. Igandean, 11.30ean Ikaztegieta eta Errezil neurtuko dira. Kasu horretan, joaneko partida izango da.
Alebinen A kopan, multzo batean ostiralean erabakiko da lehen finalista. Biko multzoa da, eta itzulerako partida jokatuko da Orexan, 20.00etan, etxeko taldearen eta Bidania-Goiatzen artean. Lizartza-Orexak hiru goleko errenta lortu zuen Bidanian, eta horri eutsi beharko dio. Beste multzoa hirukoa da, eta itzuli bateko ligaska ari dira jokatzen. Txalburuk taldeak larunbatean 18.00etan Ikaztegieta hartuko du. Abaltzisketakoek garaipena behar dute  finalean sartzeko itxaropenei eusteko. Ikaztegietak lehen partida jokatuko du. B Kopan, aldiz, hiruko ligaska jokatuko dute, eta igandean, 12.30ean Ikaztegieta-Baliarrain eta Igeldo neurtuko dira. Etxeko taldeak lehen partida izango du, eta kanpokoek irabazi egin zuten, beraz puntu bat nahikoa izango lukete finalean sartzeko. Benjaminen A Kopa ere hirukoa da, eta igandean, 11.00etan Bidanian bertako taldea eta Igeldo neurtuko dira. Etxekoek lehen partida dute, eta kanpotarrek garaipena behar dute finalean sartzeko aukerei eusteko.
B Kopan, bi finalerdietako itzulerako partidak dira. Ostiralean, 20.00etan Lizartza-Orexa B eta Igeldo B neurtuko dira. Lizartzarrek 2-5 irabazi zuten Igeldon. Larunbatean, 17.30ean Baliarrain-Ikaztegieta eta Leaburu neurtuko dira Ikaztegietan. Leaburuk  2-1 irabazi zuen joanekoa.
 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina